2020ko abenduaren 23a. 38. astean sartu berri. Gabonak gainean. Goizero
bezala gosaldu eta martxan jarri ginen. Gosaldu bezain laister
mugitzen hasten zen Libe beti , baina egun hartan ez. Urduri jartzen hasi
nintzen. Hozkailura joan eta txokolate pusketa bat jan nuen. Baina ezer ere
ez. Gure txikiaren ostikadarik ez. Ohean sartu eta erlaxatzeko musika jarri
nuen, baina banekien zerbait ez zegoela ondo. Tripa laztantzen nuen baina ez
nuen erantzunik jasotzen. Urduritasuna areagotzen zihoan, dutxa bat hartu
eta dena prestatu genuen ospitalera joateko. 4 urteko alabak halako batean
esan zigun: “Gaur jaioko da Libe!”
Aiton-amonaren etxera eraman genuen eta ospitalera abiatu ginen. Nire
barrenean banekien gertatzen ari zena. Senarrari “ hau amaitu da “ esan nion
bidean gindoazela.
Ospitalera iritsi eta segituan sartu nintzen kontsultan, bakarrik lehenengo
COVIDaren asuntoagatik, baina oso denbora gutxi izan zen . Halako batean
senarra sartu eta gertatutakoa esan ziguten. “ Izugarri sentitzen dugu baina
ez daukagu berri onik “. Denbora gelditu egin zen niretzat. Ezin nuen sinetsi
entzuten ari nintzena. “Shock” egoeran nengoen. Senarra oihuka hasi zen , ni
mugitu ezinik eta hitzak ez zitzaizkidan ateratzen. Prozesua azaldu ziguten
maitasun osoz. Guretzako denbora bat hartu genuen. Senideei dei egin
genien;alabari ere esan genion. Bizitzako momenturik gogorrena. Izugarrizko
ilusioa zeukan gure alaba Paulek.
Abenduaren 24ko goizaldeko 1:49etan jaio zen Libe. 3,630gr eta 51,5
zentimetro. Pakea sentitu nuen besoetan hartzean. Hasieran beldur pixkat
izan nuen arren, banekien hori egin behar nuela. Laztandu, muxuak eman,
zenbat maite genuen esan, argazkiak atera…
Etxekoak ere etorri ziren Libe ezagutzera, baita gure Paule ere. Nahi izan
genuen denbora egon ginen, ia 3 ordu . Agur esateko momentua izan zen
gogorrena. Hirurok geunden gela hartan, ezin nuen nire besoetatik askatu.
Izugarrizko hutsunea sentitu genuen momentu hartatik aurrera. Esperientzia
hau bizi izan dugunok bakarrik dakigu min hori nolakoa den. Erditze gelatik
kutxatxo batekin irten ginen, eta kutxa hori altxor bat da guretzat. Hilabete
gogorrak izan dira, baina Libek gure artean jarraitzen duela argi daukagu.
Zenbat gauza erakutsi dizkiguzu Libe. Zurekin egondako denbora opari bat
izan da guretzat.
Eskerrik asko gure ondoan egon zareten guztioi, eskutik gogor heldu
diguzuenoi, badakizue nortzuk zareten. Eta nola ez, Mendaroko Ospitaleko
ekipoari, jaso genuen babesa eta maitasuna izugarria izan zen.
“Oin txikienek ere betirako aztarnak utz ditzakete mundu honetan”.