Kaixo Oiertxo,
Urtebete pasa da zu ezagutu eta zuri agur esatea tokatu zitzaigunetik. Urte latza izan da,minez, amorruz, negarraldi eta neke mentalaz beterikoa, ez bait genuen imajinatu ere egiten ume jaioberriak hil zitezkeenik. Eta begira! Mundu berri bat erakutsi diguzu. Zuk erakutsitako indarra hartu dugu eredu eta berriro bizitzen ikasi dugu. Zure indarrak medikuak ere txundituta utzi zituen! 28 egunez borrokatu zenuen, sekulako bizi lekzioa emanez. Zure txikitasunean, handia zinen. Oier borrokalaria.
Azkenaldian, berriro barre egiten dut, zoriontasuna sentitu izan dut. Eta aldi berean errudun sentitu naiz askotan hori sentitzeagatik. Nola egon naiteke pozik zu ez bazaude? Nolatan sentitu dezaket zoriontasuna ezin bazaitut besarkatu, muxukatu, elikatu, goxatu? Ba posible da. Zuk egin duzu posible. Zurekiko dugun maitasun infinituak egin du posible. Baina hala ere, badira momentuak min izugarria sentitzen jarraitzen dudana. Esate baterako, zure arrebarekin ezingo duzula jolastu konturatzen naizenean, ezingo dituzuela elkarrekin bihurrikeriak egin… ezagutu ez arren, berak ere faltan botatzen zaitu,Oier. Hospitalean egon zen, zurekin, ez gela berdinean, baina bai gertu eta gustatzen zait elkar sentitu zinatela pentsatzea. Zeren gauza bat argi izan: betirako izango zarete anai arrebak. Fisikoki ezin izan arren.
Zurekin eta zugatik bizitako guztiak, betirako aldatu gaitu. Hil zinen egunean gure zati bat zurekin joan zen, Oiertxo. Ez gara pertsona berdinak, baina horrek ez du esan nahi okerrera egin dugunik, ez! Soilik izaki ezberdinak garela. Bizitzaren beste ikuspegi bat erakutsi diguzu, maitatzeko modu berriak, bizitzeko modu berriak. Eta hau gutxi balitz, gu gurasotzat aukeratu izanagatik sentitzen dugun harrotasuna ezin duzu imajinatu ere egin!
Maite zaitugu Oiertxo!!
Ilargiraino eta haratago Maite zaitugun aitatxo, amatxo eta Elene.